sábado, 1 de octubre de 2011

San Migelak eta Errosaixo jaiak Oñatin

Asteazkenetik astelehenerako tartea jai giroaz beteko dute besteak beste pilotariek, bertsolariek eta musika taldeek

San Migelak hasi zirenetik irailaren 28an, asteazkena, erabateko jai giroan sarturik daude oñatiarrak; eta dirudienez, horrela jarraituko dute astelehenera arte, orduan amaitzen baitira jaiak. Oñatin eta inguruetan hain famatua den txantxikuaren (igelaren) ongietorriarekin hasi zituzten txantxikuarrek jaiak, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun guztietarako.
Egun Morea da ostiralekoa, eta txosnetako olinpiada moreak, sokamuturra, bazkari feminista, Mariachiak eta hainbat kontzertu izan dira egun osoan zehar. Zapatuan, Herri Eguna ospatzen da; herritarrak, baserritar arropak jantzi eta goizean goizetik hasi dute eguna. Txistulariek, trikitilariek, azokak, erakusketak, sagardo dastatzeak, herri bazkariak, herri kirolek, eta bestelako ekintzek alaitu dute egun herrikoi hau.
Bestalde, zapatu honetan, presoen aldeko ekitaldia eta manifestazioa egin dute txosnetan, eta bertan ere izango da euskarazko folk musika egiten duen 'Bizardunak' talde nafarraren kontzertua. Hauen atzetik, 'Miren, Agur eta Gorka' taldearekin erromeria izango dute txosnetan gelditzen direnek.
Domekakoa eta astelehenekoa, Errosaixo eguna eta Errosaixo Bixamona egunak dira, hau da, Errosaixo jaiak. Egun hauetarako ere auekra ugari daude. Domekan, besteak beste, Musika Bandaren kontzertua izango da herriko plazan eguerdiko 13:00etan; eta 16:00etan hasita, hainbat pilota partidu jokatuko dira Zubikoa pilotalekuan, profesionalena barne. Eguna ongi amaitzeko, balkoitik balkoirako Bertso saioa eskainiko dute Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok Kale Zaharrean, eta 23:00etan piroteknia ikuskizuna izango da plazan.
Astelehenerako, berriz, txosnetako herri bazkariaz gain, sokamuturra, Oñatiko taldeek eskainitako Dj-Bertsioak, kalejirak eta dantzaldiak antolatu dituzten. Ikus daitekeenez, aukera ezberdinez beteriko jaiak izan dira eta izango dira aurtengoak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario