lunes, 12 de diciembre de 2011

Bergarako gaztetxea, mugimendu bat eta hiru ikuspuntu


Juventudes, kartzela zaharra, Txapa Irratia, Elosuko Kongresua… Bergarako Gaztetxeak hainbat istorio eta mugimendu desberdin dauzka bere baitan, eta kanpotik adin desberdintasunak sortzen dituen ikuspuntu desberdinak gaztetxea beste era batera ezagutzeko aukera da

Ion MOÑUX
Bergarako Gaztetxeak hamaika urte bete zituen pasa den ekainean, eta urte erdi baino gutxiagoren buruan hamabigarrena beteko du. Urte hauetan zehar, lan handia egin izan da herriko gazte asanbladan aurrera egiteko, eta esan daiteke gaztetxe berezia dela Bergarakoa. Gaztetxe hau ez dago okupatua eta irrati libre bat dago kokatua barruko gela batean, halere, ez da gazte asanblada barrukoa.

1992 inguruan hustu zuten arte, elizaren eskuetan zegoen Juventudes izan zen Bergarako Gazte Lokala. Hau hustu zutenetik okupazio saiakera desberdinak egin ziren arren, 2000 urterarte ez zen Gaztetxerik izan Bergaran. Urte horretan, Bergarako Udalak, kartzela zaharra gazteentzako uztea erabaki zuen herriko gazteek aurkeztutako proiektu bati erantzunez. 

“Asanbladara jende berri asko sartu da, 
eta gogo handiarekin sartu dira”
Raul Santxez, asanbladako kidea

Bergarako Gaztetxearen sarrerako atea
Raul Santxez Bergarako Gazte Asanbladan daramatza bederatzi bat urte, ia gaztetxearen bizitza osoa. Gaztetxe berria ireki zenean, “hasiera batean jende pila bat sartu zen gaztetxera” azaldu du Raul Santxezek. Hortik denbora batera, berriz, jende askok joateari utzi ziola dio asanbladako kideak: “dena eginda zegoenez, gogoa jaitsi zen eta”. Orain dela bi bat urte, “asanbladara jende berri asko” sartu zela dio Raulek: “eta gogo handiarekin sartu dira”.  

Txapa Irratia

Gipuzkoako Bergara herrian 1986an sortu zen irrati librea da Txapa Irratia - fm-ko 97.25ean -. Hasiera batean, sindikatu batek utzitako lokal batean hasi ziren lanean, geroago udalak eskainitako beste lokal batean; eta gaur egun, Bergarako Gaztetxeko gela batean aritzen dira irratsaioak emititzen. Halere, Bergarako Gazte Asanblada eta Txapa Irratia bi kolektibo desberdin dira.

Irrati libre honetan, hainbat gai desberdin jorratzen dira, musika, literatura, eztabaida sozialak, ekitaldiak… eta 2011 eta 2012 bitarteko programazioak 55 irratsaiorekin egiten du salto dialera Txapa Irratian. Betiere, txapairratia.org webgunean azaltzen duten bezala, "asanblada bitartez gestionatuz, ideia amankomunak indartuz, eta komunikabide herrikoi parte-hartzaile ez komertzial ezberdin bat bultzatuz".

Elosuko Kongresua

Bergarako Gaztetxea itxita egon zen azaroaren 11 eta 13 bitarteko aste-bukaeran, 30 bat asanbladako kide eta bestelako herritarrek herriko Elosu auzoan pasa baitzituzten hiru egun hauek, Elosuko Kongresuan. Kongresuaren helburu nagusia Bergarako gazteek beraien gaztetxeaz zer nahi duten erabakitzea izango da. Hemendik aurrerako proiektuak proposatu eta onartzeko aukera bikaina. 

“Aukera ona iruditu zitzaidan jendea ezagutzeko, eta 
gaztetxeak zer egin eta pentsatzen duen jakiteko”
Itziar Casanellas, Elosuko Kongresuko parte-hartzailea


Itziar Casanellas bergararra ez da Asanbladako kidea; halere, Elosuko Kongresuan parte hartzea erabaki du. Asanbladetan parte hartzen ez duenez, Gaztetxean zein erabaki hartzen dituzten edo eztabaidatzen dituzten gauzak ez dituela gertutik jarraitzen dio Itziar Casanellasek: “aukera ona iruditu zitzaidan jendea ezagutzeko, eta gaztetxeak zer egin eta pentsatzen duen jakiteko”.

Elosuko Kongresuko parte-hartzaileak Elosu auzoan
Kongresuarekiko zituzten igurikapenak oso onak izan direla azaldu du Raul Santxezek, “joan ginen ikustera ea zer gertatzen zen, eta proiektu berri asko proposatu edo irten dira bertatik”. Kurtso luzeari begira, gainera, Kongresuan erabakitakoa martxan jartzea espero dutela gaineratu du Bergarako Gazte Asanbladako kideak.

Gaztetxea, gazteen etxea

Belen Txintxurreta, 52 urteko emakume bergararra da, eta Bergarako Gaztetxea bere seme-alaben ahoetan entzuteaz soilik ezagutzen du, ez baita inoiz bertan izan. Halere, bere garaiko Juventudes “Bergarako gaztetxean” ibilitakoa da. Belen Txintxurretaren ustez bera parte izan den Juventudesen garaiko gazteen eta gaur egungo gazteen kezkak antzekoak dira: “gaztaroari lotutako kezkak, beharrak eta ilusioak; desberdintasuna, orduko eta gaurko egoera sozial eta politikoan dago”.

“Gaztetxea gazteen askatasun esparru bat da, eta ez da 
komeni bertan gurasoak eta seme-alabak elkartzea”
Belen Txintxurreta, emakume eta ama bergararra

Emakume bergararraren iritziz, herriko gazteek gaztetxearekin daukaten harremana “ona” da, bere ustez, garrantzitsua baita gazteek elkarrekin hainbat gauza konpartitzea, eta autogestionatzen eta antolatzen ikasteko aukera izatea. “Hortik sortzen diren gatazkak konponduz”, dio Belenek: “konturatzea norberaren askatasuna bestearen askatasuna hasten den arte iristen dela”.

Belen ez da inoiz Bergarako kartzela zaharreko gaztetxean izan nahiago baitu bere adineko jendea dagoen lekuetan ibiltzea. Gainera, Belen Txintxurretaren ustez, “gaztetxea gazteen askatasun esparru bat da, eta ez da komeni bertan gurasoak eta seme-alabak elkartzea, horretarako badaude beste leku edo momentu batzuk; esaterako, etxea edo oporrak”.


No hay comentarios:

Publicar un comentario