domingo, 18 de septiembre de 2011

Mikel Urdangarin kantautorea izan zen Bergarako Gaztetxean

Bergarako Gaztetxeak 'Egubakoitzak kartzelan' ekimena aurrera eraman zuenetik kontzertu pila bat egin dira ostiralero bertako eszenatokian


Bergarako Gaztetxean ostiralero ospatzen den 'Egubakoitzak kartzelan' ekimenean jo zuen Mikel Urdangarin kantautore zornotzarrak. Hasiera batean, astebete lehenago jotzekoa zen abeslaria 'Ekaitz' Bergararrarekin batera, baina gripea zela eta kontzertua irailaren 16ra atzeratu behar izan zuten.

Kontzertua gabeko hamarretan hasi zen, eta ekimeneko musika saioak Gaztetxeko kanpo eszenatokian izatekoak baziren arren, euria dela eta, honakoa barruko eszenatokian egin zen. Zornotzarraren eta beste artista guztien kontzertuak Txapa Irratiaren bitartez - 97,2 FM - zuzenean entzuteko aukera dute irrati libre honen entzuleek.

San Martin Agirre jaiekin batera antolatutako kontzertuak jende asko elkartu zuen Bergarako kartzela zaharra izan zen Gaztetxean; hori dela eta, batzuek zutik ikusi behar izan zuten. Ekimeneko kontzertu guztiak bezala, Mikel Urdangarinena ere lasaia izan zen, hori baita hain zuzen antolatu zutenen helburua, ostiralero artista desberdinen kontzertu lasaiak eskaintzea.

Iraileko artistak

'Egubakoitzak kartzelan' bigarren edizioak hainbat kontzertu antolatu ditu irailerako. Lehenengo ostiralean, irailak 2an, 'Civil Love' bezala ezagututako Urko Eizmendu bakarlaria eta Donostiako 'Giorgio Bassmatti' folk bakarlaria izan ziren. Irailak 9an, 'Garate' eta Ubera ezizenarekin ezagututako 'Ekaitz' bakarlari bergararrek ere musika saio bikaina eskaini zuten kartzela zaharrean. Hurrengo astean, Mikel Urdangarin izan zen protagonista, eta irailak 23an, 'Napoka Iria' Eibarreko bikote akustikoa eta Laudioko Igor Arzuaga, 'Mara', izango dira. Amaitzeko, 'Azkaiter Pelox' bakarlari bergararrak eta 'Saioa' legorretarrak bigarren edizio honetako azken kontzertua eskainiko dute.


No hay comentarios:

Publicar un comentario