viernes, 16 de septiembre de 2011

Bermeotarrek Esne Beltza dastatu zuten bart

Musika talde gipuzkoarrak Bermeo mugiarazi zuen bere abesti biziekin


Reggae, ska eta hip hop bezalako estilo musikalak tartekatuz Esne Beltza taldeak kostaldeko herria dantzan jarri zuen atzo. Izan ere, Lamera parkea jendez bete zen, erritmo bizkorrekin gozatzeko asmoz.

Gaueko hamarretan hasi zen kontzertua, baina lehendabizi Nores talde herrikoiak animatu zituen han zeudenak. Ondoren, trikitilari modernoen txanda iritsi zen. Bertako zaleek besoak zabalik hartu zituzten. Izan ere, jendeak abesti guztiak bata bestearen atzetik kantatzen zituen.

Arratsalde osoan euria etengabe aritzeak kontzertua eteteko arriskua zekarren. Izan ere, goizean izandako beroak itsasoko galerna bat ekarri zuen, Nagusien Danborrada zapuztuz. Hala eta guztiz ere, kontzertuak hasi baino lehen atertu zuen.

Taldeak Eskuekin, Gogoak edota Bozgorailuetatik bezalako abesti ezagunak jotzeaz gain, reggaeton estiloko abestiren batekin ere ausartu zen. Bestalde, kantuen bertsio bat edo beste ere egin zituzten, taula gainetik teknikarien txokora etengabe mugituz. Bai musikariak eta bai jarraitzaileak gelditu gabe aritu ziren kontzertuak iraun zue bitartean.

Hala ere, kontzertu erdian, arazo tekniko batzuk zirela medio, soinua hondatu zen. Baina Xabi Solano abeslari eta trikitilariak egoera kontrolpean mantendu zuen. Ikusi Mendizaleak abestia jo zuen trikitixarekin eta bermeotarrek jarraitu zioten, teknikariak bere horretan zeuden bitartean. Zorionez, minutu pare batzuen buruan arazoa konpondu eta kontzertuak aurrera jarraitu zuen.

Esne Beltza taldeak hainbat instrumentu tartekatzen ditu: tronboia, trikitixa, kitarra, panderoa, baxua, teklatua, bateria eta tronpeta. Baina hauen guztiez gain, DJak sortutako erritmoak dantzatzen dituen street danceko dantzaria ere badago; ikuskizuna ikusgarriago egiteko. 

Ordu batak aldera amaitu zen kontzertua. Taldeak eskerrak eman zizkien bermeotarrei, eta hauek "beste bat" oihukatuz agurtu zituzten.



No hay comentarios:

Publicar un comentario